Irakurketa Proiektua
LIBURUETAN MURGILDURIK

Bekobentan irakurketa eta idazketa sustatzeko proiektua dugu martxan
Irakaskuntza eremuan gaudela eta gure eguneroko jardueran, arlo guztietan testu idatzien presentziak duen garrantzia handia dela eta, ezinbestekoa ikusten dugu gure ikasleak irakurketa-idazketa ondo barneratzea. Horretarako, irakurtzeko zaletasuna, gozamena eta ohitura oinarri bezala hartuta, irakurketa-idazketa praktika sustatu nahi dugu. Hori guztia lortzeko, eragile guztien oniritzia eta partehartzea bilatu dugu, bai LHn zein DBHn. Proiektua martxan jarri arte egindako zenbait ekintza jaso dira berriekin batera.
Proiektuaren ardatzak, alde batetik, irakurtzea, idaztea eta informazioa bilatzea eta bestetik teknika, ohitura eta gustua dira.
Proiektu honetan irakasleek, gurasoek, ikasleek, eta herri bibliotekak parte hartzen dute
Koordinazio lanetan bi irakasle daude, bat LHkoa eta bestea DBHkoa. Gainera hauek koordinatzen dira beste eragileekin, hau da, Guraso Elkartearekin eta Herri Bibliotekarekin.
Proiektuan lantzen ari diren jarduerak eskolako curriculumarekin ( gaia, edukiak, helburuak...) bat egiten dute.

Liburutegiak
HHn , LH eta DBHko ikasgeletan dauden liburutegiak egokitu (apal berriak, toki egokia...) eta hornitu egin dira (aproposak ez diren liburuak berziklatu eta berriak erosi dira.) Eskolako liburutegia berrantolatu dugu. Irakurleen adina kontutan harturik , bi espazio desberdin sortu dira. Horretarako mobiliario egokia erosi da.
Eskolako liburutegia zein geletako liburutegiak liburu berriz hornitzen ari gara. Horretarako inbertsio handia egin da bai eskolaren aldetik eta bai eskolako guraso elkartetik. Geletako liburutegietan literatura liburuak, komikiak, ipuinak, poesia... daude eta eskolakoan fikziozko liburuez gain kontsulta liburuak, entziklopediak, hiztegiak...
Eskolako biblioteka astelehenetik ostiralera16:00etatik 17:00etara zabaltzen da liburuak maileguan hartzeko, informazioa bilatzeko, irakurtzeko edota eskolako lanak egiteko.

HH ETA LH-KO ZENBAIT JARDUERA
Proiektua martxan dagoen bigarren ikasturtea da. Beste jarduera batzuen artean honako hauek egiten ditugu, dena dela urtero jarduerak gehitzen eta egokitzen joango gara.
15 minutuko irakurketa Egunero, 15 minutu irakurtzeko eskaintzen da. Denbora horretan, liburuak, komikiak... irakurtzeko aukera dute, irakurtzea ez da derrigorra baina ezin da besterik egin: ezin dira etxeko lanak egin, ezin da azterketako ikasi... Irakurri nahi ez duenak ezin du besterik egin. Ez da beraz inposatutako aukera bat baina aukera onena denbora hori irakurtzen ematea da. Tarte horretan irakasleak ere liburu bat irakurtzen du.
Askatasun honetan, irakurtzen dutenari buruz lanik ez dute egin behar: ez dago irakurketa fitxa bete beharrik, ez eta galderarik, azterketarik?
Irakurketaren aitabitxi-amabitxiak Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak, Haur Hezkuntzako 5 urteko umeen irakurle bihurtzen dira astero-astero, ordu erdiko saioetan.
Aitabitxi-amabitxiak bere besoetakoarekin egoteko zenbait toki dituzte( HH5 gelak, eskolako liburutegia, LH6 gela...) eta era naturalean irakurle-entzulearen munduan murgiltzen dira. Helburua, soilik disfrutatzea eta gozatzea da.
Aitabitxi-amabitxi bakoitzak bere besoetakoarekin astean behin batzen da, 4 saio egin eta bosgarrenerako aitabitxi-amabitxiak opari bat prestatuko dio (marrazki bat, lamina bat margotzeko, kareta...), gero bikoteak aldatuko dira.
Beste ekintza batzuk Aurrekoez gain gure proiektuaren barruan beste ekintza batzuk ere antolatuak ditugu: Irakurketaren inguruko dekalogoak eta artikuluen banaketa irakasle eta gurasoen artean, asteburuko liburua, herri bibliotekara bisitak, Ipuin kontalaria, idazleak eskolan, ipuina sortu...
DBHKO JARDUERAK
15 minutuko irakurketa
DBHko 1. eta 2. mailetan eguneko 1. klaseko lehenengo 15 minututan hasiko gara jarduera honekin eta urtez urte maila guztietara luzatzen joango gara 4 mailetan ekintza osatu arte.

Liburutegien katalogoaren erabilera Interneten
Ikasle guztiak udal liburutegitik pasatuko dira ikasteko nola erabiltzen den euskalerriko liburutegien katalogoa.
Irakurle txokoa
DBHko beheko solairuan, aldizkariak, denborapasak, liburuak eta eguneko zenbait egunkari irakurtzeko txokoa daukagu martxan.

Eskolako liburutegia
Egunero jolas orduan liburutegia zabalik dago irakasle baten ardurapean ikasleek erabili ahal izateko. Arratsaldetan ere 16:00etatik 17:00etara zabalik egongo da, gurasoen elkartearen ardurapean.
Beste ekintza batzuk
Informazioa bilatzeko tresna ezberdinen erabilera, wikipediarako testu bat sortu eta sarean sartu, idazlanen eta literatur lehiaketetan parte hartzera bultzatu eta azken baten irakurketa edo idazketarekin lotuta egon daitezkeen zenbait ekintza.
